Leku enblematikoak

EGIN>Leku enblematikoak

LEKU ENBLEMATIKOAK

Erreka eta erdigunea

“Errekaren bokaleak portuko txokoa hartzen du, bertan mareak herriko arrantzaleen boteak eta txalupak kulunkatu egiten ditu”.

Betidanik Eako erreka herriko bilakaeraren atzean egon da eta mendez mende herriak kontserbatu duen esentziaren parte izan da. Bere bihurguneek eta gorabeherek paisaia imitaezina sortzen dute. Errekak herria bi zatitan banatzen du. Antzina alde bat Bedaronako elizatekoa zen eta bestea Natxituako elizatekoa. Horregatik Ean bi eliz-parrokia daude, errekaren hegal bakoitzean bat.

Erdigune berezia du Eak. Bere kale estutsuek itsasora zuzentzen gaituzte. Errekaren hegal batetik zein bestetik, helmuga bere portu barrenkoia da, bere hondartza eta kaia. Azken hau, eguzkiaren posizioa eta indarraren arabera solarium edo arratsaldeko pasealeku bilakatzen da.

Alde bietako kaleak 4 zubiz daude lotuta. Hauek irisgarritasuna bermatzen dute eta herriko ikurrak dira. Nabarmentzekoa da harrizko zubi zaharra.

Ogellako Marearteko Zabalgunea, Bedarona

Ogella harrizko senaia da, marearteko zabalgunea dela eta interes ekologiko handikoa. Itsasbeheran inguru harritsu zabalak eta itsas-putzuak geratzen dira agerian, itsasoko fauna eta flora txundigarriaren bizileku. Garrantzitsua da Fucus chalonii alda endemikoa.

Iturriña Latsarria, Natxitua

Angelutxu auzoan, baserritar izaeradun landa ingurua, antzinako Iturriña latsarria dago, herriko iragan hurbilaren lekuko. Ideia ilustratuek era honetako latsarriak eraikitzea bultzatu zuten. Hauek landa inguruko emakumeentzako lan egiteko eta sozializazio guneak ziren.

Urtubiagako Errota eta Burdinola

Uretan eta paisaian gizonak burututako eragina, Ean ondare eta edertasun bilakatzen da. Eako Urtubiagako errota eta burdinola, interes kultural handiko monumentuak dira, herriko ondare historikoa eta industrialaren altxorrak. Burdinolaren gaineko dokumentazio aipamenen arabera, errota eta honen kokapena XVI. eta XVIII.mendeetakoak dira.

Errota eta burdinola ezagutzeko Eako erdigunetik abiatzen den bidexka jarraitzeko aukera dago. Oinez, errekaren ertzean zehar doan bidea jarraitu, antzinako bidearekin eta burdinolaren ubidearekin bat eginez, balio natural eta kultural handiko bidea, hain zuzen ere.